Izagirre: "Hiri hau bizirik dago, herritarren lanari esker"
Gurutzeaga abesbatzaren ahotsek eta udalaren Txistulari bandak gidatu dute ereserki zaharra.
Hiritarrei zuzendutako pregoian, Juan Karlos Izagirre alkateak hiritarrak omendu nahi izan ditu. Gogoratu du, egungo hiria ulertzeko iragana ezagutu behar dela. Gainera gogorarazi du duela 200 urte hiritarrek izan zuten kemena; “hiri hau bizirik dago, hiritarren lanari esker”, esan du. Orduko balio horien urtea izango dela 2013a esan du; hiritarrena.
Danborrak indarrez joz gogoratu dute behin Donostiako ereserkia izandakoa. Gurutzeaga abesbatzak abestu du eta udalaren Txistulari bandak jo du. Dantzariek ere dantzatu dute zortzikoa.
Ondoren, San Sebastian eguneko hainbat kantu jo dituzte, eguna berotzen joateko.
Pregoian zehar hainbat ordezkari egon dira balkoietan. Besteak beste, Ahaldun Nagusi Martin Garitano egon da bertan. Alderdi ezberdinetako kideak ere bertan izan dira.

