Ia bost mila lagun elkartu dira Haur Danborradan
Alderdi Eder haurrez bete da euriaren mehatxuari aurre eginez. Izan ere, ia bost mila haurrek jo dituzte indarrez danborrak.
Sarriegiren doinuak jo aurretik, Larramendi ikastolako Easo Ederrak, Paula Gomezek, eta haren laguntzaileek bertso batzuk abestu dituzte donostiarrentzat. Hain zuzen ere, Larramendi ikastolan ikasitakoa den Andoni Egaña bertsolariak idatzitakoak. Ondoren, Gomezek mundu osoan dauden donostiarrek entzuteko moduko soinua ateratzeko eskatu du.
Bestalde, Sara Huegun jeneralak hiri honen egun garrantzitsuenean “beti pozik eta beti alai” egotea ez ahazteko esan du.
Ederki zuzendu ditu, bai martxan eta bai Donostiako antzinako ereserkian ere, Ikasbideko Aimar Ezeiza danbor nagusiak.
Euria geratu eta eguzkia ere aterata, hiriko kaleak hartzeko prest daude haurrak.

