Urrezko Danborra jaso du Donostiako Klasikoak
Frogak duen nazioartekotasunaz gain, Donostiako Klasikoa antolatzen dutenek egindako boluntario lana azpimarratu dute Urrezko Danborraren ekitaldian.
Urrezko Danborra jaso du Donostiako Klasikoa txirrindulari lasterketak. Esker onez hartu dute omenaldia, 32 urteetan egindako lanagatik. Jaime Ugarte koordinatzaile izandakoak, Jose Luis Agirre egungo arduradunak eta Mila Agirre, Iñaki Leteren alargunak, jaso dute, besteak beste.
Ugartek danborra jende askorentzat dela azaldu du, urte askoan jende asko ibili delako bertan lanean. Klasikoaren koordinatzaile izandakoak txirrindularitzatik erretiroa ezin hobeto hartu duela esan du; “imajinatu nezakeen erretiro politena da hau”, esan du. Bestalde, lasterketak duen nazioarteko oihartzuna azpimarratu du; “gure hiria nazioarteko txirrindularitzan mantendu dugu”, adierazi du.
Hasieran, Xabier Usabiaga aurkezleak hitz batzuk eskaini dizkio Klasikoari. Gogorarazi du lasterketa honek hiriari asko eman diola; mundu osoan zabalduz, esaterako.
Juan Karlos Izagirre alkateak egindako boluntario lana azpimarratu du, eta baita lasterketak hirian izan duen eragina ere; “Donostian bertan arrasto handia utzi du Klasikoak”, adierazi du.
Union Artesanakoen danborradak eman dio Urrezko Danborraren ekitaldiari hasiera zein bukaera. Gainera, Ainhoa Aierbe aktoreak zuzendu du saioa.
Bertan izan dira, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre, Iñigo Urkullu lehendakaria eta udal talde guztietako ordezkariak.

