2012an ere Kursaalek autofinantzatzea lortu du
Biltzar jauregiak plazaratu du diruzaintzan superabita lortu duela, eta hasierako helburuak gainditu dituela
Kursaal biltzar jauregiak 2012ko balantze ekonomikoaren emaitza aurkeztu du. Krisiaren eraginez fakturazioa %22 jaitsi den arren, diruzaintza operatiboan superabita (363.701 euro) lortu duela adierazi du. Gainera, inauguratu zenetik lortu izan duen bezala, autofinantzatzea lortzen jarraitzen duela azaldu du.
2012rako aurreikusita zituen helburu ekonomikoak gainditu egin dituztela adierazi du: “Beherakada gertatu den arren, nabarmentzekoa da emaitza ekonomikoek gainditu egin dituztela ekitaldi honetarako aurreikusitako helburuak. 2012. urte hasieran, Kursaalek aurreikuspen txarrak zituen munduan zein Espainian bizi den testuinguru ekonomiko larria dela eta.
Jauregiaren balantzean baikor izateko datuak daudela adierazi du. 2012a urterik nazioartekoena izan dela nabarmendu du. Biltzarren % 31 nazioartekoak izan dira: Zientziei eta goi mailako teknologiari loturikoak izan dira horietako asko.
Bestalde, adierazgarria da Kursaalek 2012an zehar izan duen biltzar jarduera; izan ere, kopuruari dagokionez, guztira, 26 biltzar egin ditu (Donostiako jauregiak bere historian zehar izan duen hirugarren kopuru handiena). Jardueraren datu orokorrek, bilerei zein kultura jarduerei loturikoek, 48 milioi euroko ekarpen ekonomikoa dute Donostian eta Gipuzkoan.