Ezkerretik eskuinera: Iker Galartza, Itziar Atienza eta Iñaki Font. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Tanttaka konpainiak Gau erdian komedia aurkeztuko du Antzoki Zaharrean
Komedia “baikor, bitalista eta dibertigarri” batekin dator Tanttaka Teatroa Antzoki Zaharrera.
Gau erdian izena du euskarazko bertsioak; eta
A medianoche gaztelerazkoak. Protagonista den aktore bikotea ere aldatu egingo da bertsioaren arabera. Euskarazkoak Iker Galartza eta Itziar Atienza igoko dira taula gainera. Gaztelerazkoan, berriz, Iñaki Font donostiarrak egingo du Iker Galartzaren paper bera.
Jatorrizko testua Edinburgon aurkeztu zuten David Greigek eta Gordon McIntyrek. Edinburgotik Londresera, eta New Yorkera ere zabaldu da obra. Donostian aurkeztuko dutena Tanttakak Albena Teatre eta Tantarantana Teatrerekin batera ekoitzitako obra da. Aitziber Garmendiak euskaratu du gaztelerazko bertsioa.
Ostiral gaua da. Bikotekideak utzi ostean, harreman egonkor bat izateko amorratzen dagoen abokatu gaztea da Helena (Itziar Atienza). Ingurura begiratu, eta Bob (Iker Galartza, Iñaki Font) ikusiko du, negozio susmagarriak bizimodu dituen artista frustratu bat. Mozkorraldi baten ondoren, ohean amaituko dute. Biharamunean, zein bere zereginetara itzuliko da, baina sanjoanetako magiak berriro elkartuko ditu. Biek elkarrekin euren bizitzako astebururik surrealistena biziko dute. Atienzaren ustez mezu baikor bat duen antzezlana da
Gau erdian: “40 urteren bueltan dauden pertsona horien bizitzan aldaketa posible da, eta gauza berriak gerta daitezke”.
Bikoteak bere historia kontatu egingo du taula gainean; eta kantatu ere bai. Musikal bat ez dela argitu du Fernando Bernues ekoizleak, baina bospasei kanta entzungo ditu publikoak. Iñaki Fontek eta Iker Galartzak gitarra hartu eta abestiren bat joko dute momenturen batean: “Abestietan ere bikote honen historia kontatzen dugu”. Hiru aktoreentzako erronka polita izan da obra honetan parte hartzea.
Iñaki Font aktore donostiarra
Iñaki Font Madrilen bizi da egun, baina donostiarra da. Pozik dago etxean antzezteko aukera izango duelako; eta antzezlana Donostian estreinatzeko gogotsu dago. Tanttakari esker aktore lanetan hasi zela gogora ekarri du Fontek: “Ni soinu teknikari gisa hasi nintzen Tanttakan, 17 urterekin. Orduan argi ikusi nuen aktore izan nahi nuela”.
- Ikuskizuna: Gau erdian / A medianoche.
- Non: Antzoki Zaharrean.
- Noiz: Euskaraz, hilaren 25ean (ostirala) eta 26an (larunbata), 20:00etan. Gazteleraz: hilaren 24an (osteguna) eta 27an (igandea), 20:00.
- Sarrerak: 18 eta 15 euro.