Elkarteko kideak, Gomez eta Sampedro, gaurko agerraldian. (Argazkia: K. M.)
2012an 80 ekimen baino gehiago antolatu dituzte; egunean bataz beste, 50 emakume joaten dira.
Gaur aurkeztu dute, Emakumeen Etxearen urteko balantzea. Berdintasun zinegotzi Naiara Sampedrok esan duenez, etxea “bizi-bizirik” dago; “emakumeontzat erreferente bat bilakatu da Emakumeen Etxea”, esan du.
Urtearen balantzeak datu onak utzi ditu zinegotziaren esanetan, besteak beste, 2012an 80 ekimenetik gora egin dituzte, eta bataz beste egunero, 50 emakumek erabiltzen dutela etxea ondorioztatu dute; “ekimen andana egiten dira hemen, izan erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, bilerak, asanbladak, festak… Asteburuetan ere, ekimen ugari egiten dira”, esan du.
Emakumeen Etxea Elkarteko kide Nora Alejosek azaldu du, urte honetan, emakume talde zein norbanako ugari ibili direla bertan; “gaztez zein helduez osatutakoak, proiektu iraunkorrak gauzatu, formakuntza egin, hitzaldiak edo jardunaldia antolatzeko, edo beste hainbat jarduera aurrera eramateko”, esan du. Bestalde, azaldu du, nahiz batzuetan erretizentziak egon badauden, gero eta emakume gehiago inguratu direla aurten ere.
Aro berri bat
Bestalde, etxea aro berri batean murgildu dela esan du Sampedrok. Hain zuzen ere, udalak emakume taldeekin batera kudeatuko du hemendik aurrera, bien artean koordinatuz; “esperientzia piloto honen bidez, erakunde eta eragileen arteko elkarlana posible dela agerian utzi nahi dugu”, esan du. Gogoratu du, bestalde, udalak 45.000 euroko diru ekarpena egingo diola Emakumeen Etxea Elkarteari.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendari Laura Gomezek ere, etxearen ibilbidea eta bertan lanean aritu diren emakume eta elkarteen lana zoriondu du; “eredu aitzindaria da Emakumeen Etxea, eta horregatik gure konpromisoa berretsi nahi dugu proiektu honekin”, esan du. Aurreratu du, 38.000 euroko diru laguntza emango dutela etxearentzat. Azkenik, azpimarratu du, Donostiako Emakumeen Etxea ez dela soilik donostiarrentzako etxea, izan ere, hainbat ekimenen bidez, lurralde osora zabaltzen ari dela, eta gero eta gehiago direla inguratzen direnak, sareak sortuz.
Emakumeen Etxea 2011ko azaroaren 13an zabaldu zen, bi urteko ibilbidea bete du.