Lurra izena du Iñigo Muguruzaren -Kortatu, Joxe Ripiau, Negu Gorriak, Sagarroi- egitasmo berriak. Oraingo esperimentu honetarako Carlos Zubikoa –Sagarroi, Apurtu- eskarmentu handiko baxu jotzailearekin elkartu da; Ane Garcia –ahotsa- eta Ander Larrañaga –darbuka eta kajoi- gazteak dira laukoteren gainontzeko musikariak.
Taldeak soinu akustikoak jorratzen ditu, Afrikatik ateratako esklaboen erritmo eta harmoniak Europa eta Amerikako folkloreekin nahastutako bossa, blues, reggae estiloak esploratuz. Banda honek soinu propioa lortzen du euskaraz egindako hitzez, Aneren ahots xarmangarriaz, perkusioak eta “basamortuaren mugako” gitarrekin.
Emanaldia ostiralean, hilaren 25ean, izango da, 21:00etan, Lugaritz kultur etxean. Sarrerarekin batera (9 euro), Lurraren CD-maxia opari.