Rich okindegien azken eguna izango da bihar
Herrerako lantegia eta denda guztiak itxi egingo dituzte
Rich okindegiak desagertu egingo dira. Bihar izango da ia ehun urtez saldu dituzten opil eta gozoak erosi eta jateko azken eguna. Enpresak hala jakinarazi du denden atarian jarri duten ohar baten bidez. Bertan azaldu du enpresa finantzatzeko zailtasunak, kontsumoak behera egin izanak eta krisi testuinguruak ateak ixtera behartu dutela. Egun, Donostian bederatzi denda ditu; eta beste bat Irunen. Rich enpresak 34 langile ditu kontratatuta, eta hamabi autonomok ere haien produktuak saltzen zituzten.
1924an sortu zuten Rich Donostian, eta tradizio luzea izan du hiriko gozogintzan. Lantegia Herreran du, Txingurri pasealekuan. Lantegia eta denda guztiak itxi egingo dituzte.