Txomin Eneako 26 familiak, Morlansetik gertuago
Zozketa publiko batek, familiei tokatuko zaizkien etxebiztzak erabakiko ditu, laster.
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak ostiralean onartuko ditu Txomin Eneako Aita Abarzuzako 17 familien inguruko hitzarmenen zenbait eranskin. Jakina den bezala, bizilagun hauen etxeak eraitsi eta berriak eraikitzeko plana abian dago. Hitzarmenak hortaz, eraikitze prozesuan zehar Morlansen bizi ahal izatea ahalbidetuko du.
Bertan bestalde, egun hipoteka ordaintzen ari diren 9 familia daude. Etxebizitza eta Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek azaldu duenez, horiek laster sinatuko dute ordainketa egiten jarraitzeko konpromisoa eta hauek ere Morlansera mugituko dira.
Aurreratu duenez, udalak laster Udalbatzan zozketa publiko bat egitea aurreikusten du, Aita Abarzuzako 26 familiak Morlanseko zein etxebizitzatan kokatuko diren zehazteko.
Operazio honek Udalari exekuzioa aurreratzea ahalbidetuko dio eta Aranzazu Taldeko etxebizitzak eraistea erraztu, ondoren egin beharreko lur ekarpenak eta etxebizitzen ondorengo eraikuntzaren aurretik.
Txomin Enea berria
Burutaranek gogora ekarri du, Txomin Eneako auzune berrian 900 etxebizitza egiteko dagoen proiektua. Aita Abarzuzako familien behin-behineko leku aldaketa, proiektu horren lehen pausuetako bat da. Horretarako, gogoratu du, Kristobaldegi komentuko monjekin 8.000 metro koadro lurzoru libratzeko egin zen desjabetze akordioa, eta URArekin Txomin Eneako zubia ordezkatzeko proiektua egiteko sinatutako hitzarmena.
Ildo horretan, zinegotziak gonbita luzatu dio berriz ere Eusko Jaurlaritzari, hirigintza operazioan parte hartu eta babes ofizialeko etxebizitza sustatu dezan.