Hiriko hainbat edukiontzi. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Proposamen “ireki eta malgua” luzatu die gainontzeko alderdiei.
Udal gobernuak 2016rako hondakinen birziklapen maila %60ra iristeko helburua jarri du. Horretarako, udaleko gainerako alderdi politikoei proposamen bat aurkeztuko die, akordioa lortzea helburu duena. Hiri Azpiegitura zinegotzi Nora Galparsorok azpimarratu du, proposamen “irekia eta malgua” izango dela.
Azaldu du, egun %33a birziklatzen dela hirian, eta horri aurre egiteko, errefusean oinarritutako bilketa sistema bat ezarri beharrean, hondakin birziklagarrietan oinarritutako bilketa egitera pasatu behar dela. Aurreratu du, horri lotuta egongo dela udal gobernuak mahai gainean jarriko duen proposamena.
Bestalde, honek ingurumenean izango dituen onurez gain, onura ekonomikoak ere izango dituela azaldu du Galparsorok. Gaur egun, hondakinak zabortegira bidaltzeak 8 milioi euroko kostua duela azaldu du. Beraz, % 60 birziklatuz gero, % 40 aurreztuko litzatekeela gastua esan du; hau da, 3 milioi euro gutxiago.
Ingurumeneko zinegotzi Axier Jakak adierazi duenez, Donostia, Gipuzkoako hiriburua izanik eta 2016an Europako Kultur Hiriburu, “eredugarria izan behar du”. Galparsorok zehaztu du, gaur egungo udal ordenantzak ez duela helburu hori lortzea bermatzen, eta beste alderdiekin adosten den akordioak ordenantza aldaketa ekarriko lukeela.
Tokian tokirako, hainbat aukera
Azkenik laburbildu dute, %60 hori lortzeko edozein sistemaren alde egongo dela udal gobernua. Horretarako, ez dela hiri osoan sistema bera jarri behar ere azaldu dute, hau da, auzo eta herrietan hainbat sistema jartzeko aukera ere kontuan hartzen dutela, atez atekoa baztertu gabe.
Azaldu dute, sistema horiek dinamikoak izango direla, hau da, helburuak betetzen ari diren edo ez aztertuko dutela. Hala ez bada, neurri zuzentzaileak hartu eta beste bilketa sistema bat jarriko litzatekeela abian. Horrez gain, betearazpen faseak ere adostuko dituztela azaldu dute. Betiere, 2016rako gutxienez % 60 birziklatzera iritsi beharra kontuan hartuta.
Bukatzeko, Galparsorok, hondakinen kudeaketaren garrantzia azpimarratu du; “herritar guzti-guztioi eragiten digulako eta gure zabortegien gainezka egiteari konponbide egokia eman behar zaiolako”, esan du.