Bost metroko olatuak izango dira astelehenean
Kostaldean itsasoari dagokion alerta laranja ezarri dute astelehenerako.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, ziklogenesi leherkor batek bost metroko olatuak ekarriko ditu kostaldera. Itsasertzean alerta laranja ezarri dute astelehenerako. Asteburuan, gainera, haizeari dagokion alerta horia ezarri dute; 100 kilometro orduko abiadurako haize ufadak izango dira.
Asteburuan Atlantikoan ekaitz handi bat sortuko da. Ziklogenesi leherkortzat jo dute. Ternuatik Islandiara joango da zikloia, eta handik Britania Handiko irletara. Euskal kostaldean olatuen altueran eragingo duela iragarri dute.
Denboralea dela eta, udalak Pasealeku Berria itxiko du Jauregi Jenerala kaletik, eguneko lehen orduetako lehendabiziko itsasgoraren unean mozketa Erregina Erregentea kaleraino ere zabalduz. Leizaola pasealekuan, Ondarretan, Tenisean, Haize Orrazian eta Urgulleko sarreran (J.Cuestau-Oteiza) oinezkoen sarbidea moztuko da, Olatuen Protokoloak markatzen duenari jarraiki.
SMS bidezko abisua ere aktibatu da, ondorengo mezuarekin: “14:00etan. Astelehena hilak 28, alerta laranja olatuengatik. Olatuen altuera 5 metrotik gorakoa izango da. Kostaldean kontuz ibili”. Udaleko Babes Zibilak adi jarraitzen du, hartu beharreko edozein neurri osagarri hartu behar baldin bada.

Aize bolada zakarrak eta itsaso nahasia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)