Donostiako Udalak eta EITBk ‘Donostia-San Sebastian: Azken 200 Urteotako kronika soziala’ dokumentala egiteko kontratua sinatu dute
Donostiaren suntsiketaren eta berreraikuntzaren bigarren Mendeurrena dela eta, hiriaren azken 200 urteotako gizarte aldaketen bilakaera aztertuko duen dokumental bat egingo dute. Donostiako Udalak eta Formattoo Mediak sinatu duten hitzarmenaren laguntzarekin; eta EITBk eta ekoizpen-etxeak sinatu duten kontratuari esker egingo dute.
Hiriaren eta donostiarren historia azaltzea du xede: Garai batean nolakoak izan ziren eta, egun direna izatera nola iritsi diren ulertaraztea. Film luzea Bigarren Mendeurrenak dituen lau ardatzetan oinarrituta sortuko da: 1813ko gertakariak ezagutzea eta oroitzea; errautsetatik hiria berriro eraikitzea erabaki zuten donostiar haien indarra goraipatzea eta oroitzapena egitea; eta hiria elkarrekin eraikitzen jarraitzea.
Dokumentala 1813ko abuztuaren 31ko hiriaren erreketatik abiatuko da eta hiru alderdi bereziki kontuan izango ditu: hiriaren transformazioa, gizarte aldaketak eta bilakaera sozialak. Elkarrizketak, soinudun artxiboak, artxibo zinematografikoak eta fotografikoak izango ditu. Bi hizkuntzatan kaleratuko da: euskaraz eta gazteleraz. Generoaren eta aukera berdintasunaren ikuspuntuak ere bermatuko ditu. Donostia Zinemaldian aurkezteko eta zineman eta ETB-ko bi kanaletan, euskaraz eta gazteleraz, erakusteko asmoa dago.
Herritarren parte-hartzea
Bigarren Mendeurrenaren oroitzapena egitasmo kolektiboa da; herritar, eragile, elkarte eta erakundeek egindako proposamenetan oinarritua. Formattoo Media ekoizpen-etxeak egingo duen dokumentaleko protagonistak ere herritarrak izango dira. Hori lortzeko, komunikazio kanalak zabaldu ditu, herritarrek, hiriko elkarteek, enpresek edota erakundeek proiektuan parte har dezaten, mota guztietako dokumentazioa edo materialak utziz zein testigantzak emanez.
Donostiarrek, protagonistak ez ezik, egilekideak direla ere sentitzeko aukera izango dute. Horretarako, ekoizpen-etxeak iradokizun postontzi bat zabaldu du, posta elektroniko honen bidez:
2013donostia@gmail.com. Helbide elektroniko honen bidez, interesatuta dauden pertsonek idatz dezakete eta eskura dituzten materialei buruzko hasierako deskribapen bat bidali. Gainera, otsailaren 7an, 17:00etatik 20:00etara San Telmo Museoan, herritarrek ekoizpen-etxeekin biltzea ahal izango dute.