Gobernu Batzordeak Oyon etxeari babesa erretiratzeko eskaera adostu du
Gaur goizean bildutako Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu batzordeak Eusko Jaurlaritzari Martutene Pasealekuko 77. zenbakian dagoen Oyon etxeari babesa kentzeko eskaera adostu du, kontuan hartuta ondare kultural izendatuko balitz, Udal Gobernuak bertan plaza bat egiteko proiektua bertan behera utziko lukeelako.
Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaran arduratuta azaldu da gai honengatik eta adierazi du interes kulturaleko ondare izendapena ez duela ulertzen “hirian arkitektura arrazionalista berdineko 1.400 eraikin eta elementu izanik, orain arte ez delako bat bera ere babestu” eta bizilagunek iritzi bera partekatzen dute.
2013ko urtarrilaren 8an, horren gaineko txostena egin zuten Udaleko zerbitzu teknikoek, eta atera zuten ondorioa da idazki bat sartu behar dela erabaki horren kontra, indarrik gabe uzteko edo, bestela, babestutako eraikina edo eremua zein den ondo argitzeko eta identifikatzeko, etxearen bueltan den lursail pribatua inolaz ere ez sartzeko babes horren barruan.
Azkenik, Gobernu Batzordeak erabaki du Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuari eskatzea, Udaleko zerbitzu teknikoek egindako txostenaren arabera, aintzakotzat hartu eta indarrik gabe uztea 2012ko abenduaren 11ko Agindua: monumentu kategoria eman eta kultura ondasun gisa Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea Martutene pasealekuko 77. zenbakian den Oyon etxea.