
Axier Jaka eta Nora Galparsoro (Argazkia: Donostiako Udala).
Udal Gobernuak
Hiri hondakinak. Joko garbia kanpaina abiatuko du bihar, hondakinak kudeatzea eta ingurumen garbia izatea erakundeen, alderdi politikoen eta herritarren erantzukizuna dela zabaltzeko. Kanpaina horrekin, Udal Gobernuak berak “joko garbia” egiteko konpromisoa hartuko du; batetik, herritarrei informazio objektiboa eta osoa emateko konpromisoa eta, bestetik, kudeaketa arloan egiten dituen urrats guztiak jakinaraztekoa, hau da, gardentasunez jokatzekoa. Horrez gain, lelo hori Udaleko hiri hondakinen politika osoaren oinarria izango da, Udal Departamentu guztiek hondakin arloan egiten duten lana bateratuko du, kohesioa emateko. Horixe azaldu dute gaur Nora Galparsorok, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi ordezkariak, eta Axier Jakak, Ingurumeneko zinegotzi ordezkariak.
Hiri hondakinen politikak hiru zutabe nagusi dauzka: prebentzioa, berrerabilpena eta birziklapena. Eta lehenengo arlo horretan abiatuko da kanpaina, bihartik aurrera. Zehazki, auzo-konposta egiteko hautatu ziren bost lekuetatik (Añorga, Aiete, Igeldo, Antigua eta Zubieta), Añorga Txikikoan jarriko da martxan konposta-gunea. Ondorengo hilabeteetan, beste lau auzoetan jarriko dira martxan, eta bi urteko epean, hiri osora zabalduko dira, mendebaldetik hasita ekialderantz. “Konposta hondakinak kudeatzeko modu oso eraginkorra izan daiteke, hiri honetan sortzen ditugun hondakinen % 40 bio-hondakinak direla kontuan hartuz”, esan du Ingurumeneko zinegotzi ordezkari Axier Jakak.