Sexu erasoen erabilera politikorik ez egiteko eskatu du udalak
Udal Gobernuak adierazi du sexu erasoak kontuz ibiltzeko gaiak direla eta horien erabilera politikorik ez egiteko eskatu du. Edozein erasoren aurrean udal gobernuak “zero tolerantzia” daukala adierazi du. Egiako sexu eraso saiakeraren harira PP eta PSOEko bozeramaileek egindako adierazpenek eragin dioten haserrea azaldu nahi izan du.
Ohar baten bidez adierazi du udal gobernuak Juan Karlos Izagirre alkateak atzo, eguerdian, jakinarazi ziela oposizioko taldeei asteburuan gertatutakoa. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari dela adierazi zien. Udal Gobernuak plazararatu du, gainera, kasu hauetarako ezarritako jarduera protokoloari jarraiki, biktimaren intimitate eskubidea errespetatzen duela, baita ere, poliziaren edo osasun arloko langileen lan erritmoa, informazio orekatu eta egiaztatua eskaini ahal izateko.
Naiara Sampedro Berdintasuneko zinegotziak esan duenez, horrelako gertaerak publiko egiteak eta segurtasun faltari lotu nahi izateak ez dute laguntzen arazoaren benetako kausari erantzuna ematen: “Gaia ez da bakarrik herritarren segurtasuna; emakumeen kontrako indarkeria, sexu erasoak eta eraso sexistak matxismoaren ondorio dira. Berdintasun eza, kultura patriarkalaren emaitza, da arazo nagusia. Eta, jakina, eraso bat hiriko edozein tokitan eta edozein ordutan gerta daiteke, eguzki argitan eta are familiaren baitan ere”.
Sampedroren esanetan, kalterako da komunikabide batzuek horrelako gertakariei ematen dieten tratamendua, beldurraren diskurtsoa indartzen baitute, eta emakumeei pentsarazten baitiete ahul eta erraz erasotzeko modukoak direla. Eta, are okerrago, haietako batzuek drama sozial eta pertsonalak ikuskizun bihurtzen dituzte.