Udalak eta DYAk babes zibileko lanetarako lankidetza hitzarmen bat sinatu dute
Donostiako Udalak eta DYAk babes zibil eta trebakuntza lanetarako lankidetza hitzarmena sinatu dute. Ekitaldian Babes Zibileko zinegotzi Nekane Burutaranek eta Gipuzkoako DYAko presidente José Luis Artolak sinatzaile gisa hartu dute parte, Babes Zibileko eta Suhiltzaileen zuzendariez gain, Txetxu Mendizabal eta Javier Bayonak, hurrenez hurren.
Hitzarmen honen arabera, DYAk zenbait zerbitzu emango dizkio Donostiako Udalari, bere bitartekoekin eta bere aukeren baitan. Hain zuzen ere, istripuen edo hondamendien eraginez laguntza behar duten pertsonei arreta sozio-sanitarioa eskainiko die, ebakuazioak egingo ditu eta pertsonen bizia arriskuan jartzea saihesteko helburua duten prebentzio eta alerta jarduerak egingo ditu.
Egoera horietan, DYAk koordinazio postu mugikor bat jarriko du eta babes logistikoa emango du (higiene pertsonaleko aparatuak, mantak edo kanpadendak) laguntza behar duten langileen lehen arretarako. Pertsonak ebakuatu behar badira, garraio egokiturako ibilgailuei eta zeregin horietarako erabilgarriak izan daitezkeen gainerako unitateei ere lagunduko die DYAk.
Istripuak edo hondamendiak gertatzen direnean, Donostiako Udalak ezarrita dituen Larrialdi Protokoloen arabera mobilizatuko dira DYAren baliabideak.
Donostiako Udalak, hitzarmen honen baitan kokatuta dauden esku-hartzeak koordinatzeko, Esku-hartze Bateratuak Kudeatzeko Programan integratuko du DYAren Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa, agentzia parte-hartzaile gisa. Gainera, dagozkion aktibazio, sarrera eta segurtasun mailak ezarriko dira, gorabehera motaren arabera.
Donostiako Udalak DYAren esku jarriko ditu Suhiltzaile Etxe Nagusian dituen prestakuntza gelak, bere prestakuntza jarduerak horietan egin ditzan. DYAk Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuko Zuzendaritzarekin hitzartutako egunetan eta orduetan erabiliko ditu Zerbitzu horretako gelak.
Babes Zibileko zinegotzi Nekane Burutaranek DYAri azken urteotan hirian egindako lana eskertu dio eta modu positiboan baloratu du “elkarteak elkarlanerako eta hiritarren babesarekin erlazionatutako lanetan lagundu eta parte hartzeko duen gogoa”.
Gipuzkoako DYAko presidente José Luis Artola, bestalde, pozik agertu da “duela urte asko bi erakundeen arteko elkarlana hitzarmen batean islatu delako” eta Babes Zibileko, nahiz Suhiltzaileen zuzendaritzek elkarlanerako duten jarrera azpimarratu du.

Hitzarmena sinatzeko unea (Argazkia: Donostiako Udala).