Bertso egunaren berrogeita laugarren edizioa da gaurkoa. Kursaaleko Areto Nagusian izango da bertso eguneko ekitaldi nagusia, baina gaur bertsoa izango da protagonista egun osoan Donostian, eta eguerditik aurrera ere bertsolariak gogoz aritu dira Parte Zaharrean.

Bertsolarien emanaldia Konstituzio plazan. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Hamabiak pasatxo zirenean, Angel Mari Peñagarikano eta Julio Soto aritu dira elkarri, eta begira zituztenei zirikatuz. Haize ufada gogorrak eta eguraldi nahasia baziren ere, poliki-poliki jendea inguratuz joan da bertso doinuetara.

Haatik dantza taldeko dantzaria. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Bretxan egin du hurrengo geldialdia bertso poteoak. Gorriti tabernaren atarian, Manex Agirre, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal eta Odei Barrrosok hartu dute lekukoa eta gustura aritu dira kantuan. Handik, guztiak, bertsolariak, eta haien ingurura bildutako bertsozaleak Konstituzio plazara joan dira. Bertan egin da goizeko ekitaldi nagusia. Bertsolarien jarduna Haatik dantza taldeko dantzarien ikuskizunarekin apaindu dute. Dantzatutako bertsoak eskaini dituzte bost dantzarik. Oso ikuskizun berezia eta polita izan da, eta Konstituzio plazan bildutako jende andanak gogor egin dute txalo.

Jende andana erakarri dute bertsolariek Bretxan. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Ekitaldi nagusia, Kursaalen izango da 18:00etan. Bertan izango dira, Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jexux Mari Irazu, Ramuntxo Christy, Jon Maia, Ander Solozabal, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Jone Uria, Andoni Egaña, Eneko Lazkoz eta Uxue Alberdi. Iñaki Gurrutxaga eta Aitzol Barandiaranek bertso musikatuak abestuko dituzte, eta gainera, ekitaldian zehar beste hainbat artista gonbidatu izango dira. Ondoren, afaria izango da Nineu jatetxean, bat bateko bertso sorpresak eta Karma taldearen emanaldiarekin.
Gaurko egunarekin, bista da bertsolaritzan sasoiko dagoela, eta garai berrietara egokitzen asmatu duela gainera.