
Konposta egiteko gune berria, Añorga Txikin. (Argazkia: Donostiako udala)
Hiriko aurreneko auzo konposta gunea zabaldu dute gaur Añorga Txikin. Axier Jaka Ingurumen zinegotzia bertan izan da, ekimen honetan parte hartzeko izena eman duten herritarrei eskerrak eman, eta egitasmoaren nondik norakoak azaldu dizkie. Proiektu honen helburua hondakinen prebentzioa sustatzea dela jakinarazi du Jakak. Bere hitzetan, “konposta hondakin organikoak kudeatzeko modu eraginkorra eta arduratsua da, hiri honetan bio-hondakina konpostatzen badugu ehuneko 40ra arte murriztu dezakegu gure zaborra”.
Ekimena biztanleei hondakinek sortzen duten arazoaz jabetzeko ere baliagarria dela esan du zinegotziak. Iñaki Irurtia Ingurumen zuzendaria, Añorgatxikitarrak Auzo Elkarteko ordezkariak eta proiektuan izena eman duten hainbat lagun ere bertaratu dira konposta gunera.
Konpostaiak hondakin organikoak edo bio-hondakinak ongarri natural bilakatzea ahalbidetzen du, eta lortzen den produktua oso onuragarria da lurrarentzat. Konposta egin ahal izateko, lur naturala eskura izan behar da, eta hori, hiri gunean, nahiko zaila da. Auzo-konpostajearen bidez, nork bere konposta egiteko aukera izan dezake, eremu publiko egoki batean kokatuta dagoen konposta-gune bat bizilagunen artean partekatuz. Parte hartzen duten pertsonek beraiek sortutako hondakin organikoak kudeatzeko eta hondakin mota horien ziklo naturala ixteko aukera izango dute, hondakinak lehengai bilakatuz. Parte-hartzaileek, nahi izanez gero, beraiek egindako konposta eraman ahal izango dute, etxean zein baratzean erabiltzeko. Udalak kudeatuko du gainontzeko konposta.
Parte hartzen duten familiei ikastaro labur bat eskainiko zaie eta etxean materia organikoa bereizteko eta konpostatzeko behar den materiala banatuko zaie (kuboa, auzo-konposta gunera sartzeko giltza eta konpostai gida). Une oro, partehartzaileak laguntza teknikoa izango dute eskura, konpostaiaren trikimailu guztiak ikasi bitartean.