Herri kirol topaketa egin dute Bidebieta Institutuan
Txalo eta oihu ugari entzun da gaur Bidebietako kiroldegian, ikastetxe arteko IX. herri kirol topaketa ospatu baitute.
Bidebieta Institutua, Karmengo Ama eta Mendiola ikastetxeetako 10 eta 13 urte bitarteko ikasleak elkartu dira, eta taldeka aritu dira herri kirol probak egiten. Lau talde egin dituzte: talde gorria, laranja, urdina eta horia. Bakoitzean hiru ikastetxeetako ikasleak bildu dituzte nahasian. Horrela, lehiakortasuna handia bazen ere beren artean, elkar hobeto ezagutzeko aukera ere izan dute.
Lokotxak bilduz hasi dituzte herri kirol probak. Ondoren, zaku-lasterketa, txingak, arrastrea eta bukatzeko sokatira.
Lierni Lasa, Bidebieta Institutuko irakaslearen arabera, “topaketa hauen bidez, gazteek elkar ezagutzen dute, ongi pasatzen dute, eta herri kirolak ezagutzen dituzte. Eta bidez, gorputz hezkuntza lantzen dugu, kirola eginez, eta hizkuntz normaltasuna ere bai, beraien artean euskaraz hitz egitera animatuz”.