Intxaurrondon musika talde berri bat jaio da, Aldeta

Txitxo Lopez, Felipe Juaristi, Monika Refojos eta Juanra Unamuno, gaur goizeko prentsaurrekoan (Argazkia: Estitxu Zabala)
Txitxo Lopez, Felipe Juaristi, Monika Refojos eta Juanra Unamuno Intxaurrondoko lau bizilagun dira. Auzoan elkar ikusteaz ezagutzen dira beraien artean, eta guztiek musika gogoko dutenez, batzea erabaki dute, Aldeta taldea sortuz. Bakoitzak badu bere ibilbide artistikoa, Lopez Vomito taldeko kidea da, Juaristi poeta da, Refojosek betidanik izan du gogoko abestea eta abesbatzaren batean aritutakoa da, eta Unamunok ere abestu izan du bakarlari gisa. Intxaurrondoko jaietan kontzerturen bat eman dute elkarrekin, eta duela urtebete, Via Fora tabernan emanaldi txiki bat ere eskaini zuten. Orain, disko bat osatu dute, eta egun bakarrean grabatu ostean, Txorien aberria izenburupean kaleratu dute. “Maitasun abesti asko egin ditugu, bizi ditugun garai hauetan maitasuna eta laguntasuna direlako geratzen zaizkigun ia gauza bakarrak”, azaldu du Juaristik gaur goizean egin duten prentsaurrekoan. Azken batean, musika “intimista” egiten dutela diote, eta ongi pasatzea dutela helburutzat.
Taldearen aurkezpen gisa, emanaldi bat eskainiko dute ostegunean, urtarrilak 31, 20:30ean, Via Fora tabernan (Federico Garcia Lorca pasealekua, 14).

