Kaleetatik pankartak kendu ditzaten mozio bat aurkeztu du EAJ-k
Gabonetan eta jaietan pankartek gora egin dutela azaldu du, eta asko, “iraingarriak” direla.
Mozio bat aurkeztu du EAJk udal gobernuak hirian dauden kartel eta pankartak kendu ditzan. Zehazki, ordenantza bete dezan eskatu dio Juan Ramon Viles zinegotziak.
Gogoratu du, jai egunetan, Gabonetan eta halakoetan gora egiten dutela pankarta kopuruek, eta hori bera aurreikusi dezan eskatu dio udal gobernuari. Gainera, bereziki pertsona eta politikari ezagunak “iraintzen” dituztenak kentzeko eskatu du; “azken aldian, asko baitira”, esan du.
Turismoa zabaltzeko
Beste mozio bat ere aurkeztu du Vilesek. Zehazki, San Martin kalea eta Araba parke artean dagoen Erdialdeko inguruari buruz.
Hain zuzen ere, zinegotziaren esanetan zonaldeak potentzial turistiko handia du eta tamalez “utzita” dago. Duen garrantzia eman, eta turismoa zonalde horretara zabaltzeko plan bat egitea eskatu du.