Anoetako hirigintza proiektua "behin betiko" onartu dute, aho batez
Anoeta estadioa berritzeko proiektuak “behin betiko” urratsa eman du udalbatzarrean, hiria antolatzeko plan orokorrean egin beharreko aldaketak adostu eta gero. Udalbatzak argi berdea eman die estadio berriaren neurriei eta diseinuari; atletismo pista kentzeari, tartean. Aho batez onartu dute.
Alderdi bakoitzak ez du aukera galdu bere iritzia plazaratzeko. “Udal honek ongi egingo luke, besoak gurutzatuta geratu beharrean, Eusko Jaurlaritzaren eta beste erakundeen laguntza bideratuko balu”, adierazi du PSE-EEko Ernesto Gascok. “Pozik egoteko eguna da guztientzat, eta Reala zoriontzen dugu, berak hartuko baitu egitasmoaren ardura”, esan du PPko Ramon Gomezek. EAJko Eneko Goiak ere “zortea” opa dio Realari, eta Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek nabarmendu du “bistan dela proiektu hau ez dela Gipuzkoa Arenaren errepikapena”.
Adostasuna lortuta, zenbait izapideren faltan, hirigintza proiektua itxitzat eman daiteke. Udalak lehiaketa antolatzeko baldintzak osatu beharko ditu orain. Hauek obrak egiteko eta kirolgunearen eta ondoan eraikiko dituzten eraikinak kudeatzeko ezaugarriak jasoko dituzte. Lanak noiz hasiko diren jakitea ikusteko dago oraindik. Lehenik eta behin, aipatutako lehiaketaren baldintzak egin eta argitaratu beharko ditu udalak, eta bitartean, 63 milioi euro bildu beharko ditu Realak, proiektuak balio hori baitu. Udalak bere garaian esan zuen ez zuela dirurik jarriko, proiektua babestu arren.
Onartutako testuak lurraren jabetza publikoa bermatu eta estadioaren lau izkinatan hirugarren erabilerako eraikinak egitea baimentzen du. Era berean, 15.800 metro koadro arte eraikitzea ahalbidetu eta eraikinen altuera murrizten du, 26,5 metrotan ezarriz. Dokumentuak 40.000 lagunentzat tokia duen estadioa aurreikusten du, gutxi gorabehera 62,5 milioi euroko kostuarekin eta 4 urte inguruko exekuzio epearekin. Atletismo pistarik gabeko futbol zelaia izango da; hori bai, atletismoak galerarik izan ez dezan, miniestadioa berritzea aurreikusita du udalak.