Donostiako Arrantzaleen Kofradiari babesa eman diote udal talde guztiek
Bilduk eta PPk erakunde adierazpen bana aurkeztu dute Donostiako Arrantzaleen Kofradiaren eta kaiaren etorkizunari buruzkoak. Udal gobernuaren adierazpenak egin du aurrera, Bilduren eta PSE-EE botoei esker.PPk Bilduren proposamenaren kontra bozkatu du eta EAJk abstentzioaren aldeko hautua egin du. Bi udal talde hauek PPren adierazpenaren alde egin dute, baina adierazpen honek, Bilduren eta PSE-EEren babesa jaso ez duenez, bertan behera geratu da.
Adierazpenak adierazpen, Bilduk zein PPk babesa eman diete euren testuan arrantzaleei, eta Eusko Jaurlaritzari kofradiako ordezkariekin hitz egiteko eskatu diote bertan. PSE-EEk eta EAJk iritzi berekoak direla nabarmendu dute; horrenbestez, Donostiako Arrantzaleen Kofradiaren bizirautearen alde egin dute udal talde guztiek. Desadostasuna ez da hor gertatu, kaiaren erabilpenean baizik. PPk, arrantzarako ez ezik, kaia kirol kai bezala ere erabiltzeko gunea izatea eskatu du bere adierazpenean. Bilduk gai horri buruz hitz egiteko denbora egongo dela esan du, eta gauzak desberdindu behar direla defendatu du; Bilduk horregatik ez dio babesik eman PPren adierazpenari. «Ez da kirol kaiei buruz hitz egiteko unea, langabezira joango direnak kofradiakoak direlako», esplikatu du Juan Karlos Izagirre alkateak.