Asturiasen hildako Sasetaren batailoietako kideen gorpuzkinen bilaketa lanak hasiko dira asteburuan
Euskaldunen zelaia izeneko tokian, dozenaka kideren gorpuzkiak geratu ziren; asko gipuzkoarrak ziren, eta horietatik 20 bat donostiarrak.
Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Asturiasko Areces herrian Kandido Saseta komandantearekin batera hil zituzten gudarien gorpuzkiak Euskal Herrira ekartzeko lankidetzan ari dira.
Lankidetza akordio honen baitan, bi erakundeek Aranzadi Zientzia Elkartearen ardurapean jarri dituzte gudarien gorpuak berreskuratzeko ikerketa lanak. Hau hala izanda, Aranzadi Zientzia Elkarteak asteburu honetan bertan ekingo die Euskaldunen zelaia izeneko tokian egin beharreko ikerketa lanei. Hasteko eta behin, inguruaren azterketa eta errekonozimendu lanak egingo dituzte. Gorpuak aurkituz gero lurpetik ateratzeko lehen urratsa izango da. Horretarako, gertakarien eszenatokiaren dokumentazio lanak egiten ari da Zientzia Elkartea. Era berean, Aranzadi familiekin harremanetan jartzen ari da lekukotzak jaso eta ikerketa osatzeko.
Kandido Sasetaren gorpuzkiak duela lau urte ekarri zituzten Arecesetik, baina inguru hartan, Euskaldunen zelaia izeneko tokian, bere batailoietako dozenaka kideren gorpuzkiak geratu ziren; asko gipuzkoarrak ziren, eta horietatik 20 bat donostiarrak, eta horiek ere lurpetik atera, identifikatu eta Euskal Herrira ekartzea da Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburua.