Puioko eskola handitzea ahalbidetuko duen plan bereziari hasierako onarpena eman diote
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu batzordeak Puioko Plan Bereziari hasierako onarpena eman dio, bertako eskolaren zabalpena ahalbidetzeko. Plan berezi hau idatzi beharra batez ere indarrean den hirigintza araubidea zuzenean aplikatzeak dakartzan eraikuntza mugek eragin dute. Hori dela eta, aldaketa edo doikuntza batzuk egin dira, besteak beste, eraikina egiteko sestra diren urbanizazio maila edo nibeletara egokitzea, beste 1.000 metro koadro gehiago eranstea (3.000 metro koadrotik 4.000 metro koadrora pasatuko da) lursailaren eraikigarritasunari, eskola berriaren beharren programa garatu ahal izateko eta eraikinaren gehieneko altuera handitzea.
Dokumentua behin betiko onartu baino lehen, planaren testu berria aurkeztu beharko da. Testu berritu horretan sartuta izan beharko dira Udaleko teknikarien txostenetatik ondorioztatzen diren zuzenketak, batez ere plazako sarbideei eta bertan sar daitezkeen ibilgailuei dagozkienak. Espedientea hogei egunean jendaurrera aterata edukiko da.
Donostiako Udaleko Hezkuntza zinegotzi Naiara Sampedrok gogoratu du hau dela auzoko eskola publiko bakarra eta “obrak lehenbailehen hastea espero dugu, ikasleak egoera ez egonkorrean egon ez daitezen”. Sampedrok aurreratu du otsaila erdialdean eskolako zuzendaritzarekin bilduko dela, gai hau jorratzen jarraitzeko.