Nora Galparsoro eta Axier Jaka zinegotziak. (Argazkia: Donostiako Udala)
Tokiko Gobernu Batzordeak Hondakinen Lantaldea sortzeko erabakia hartu du.
Herritarrak kontsumo eta hondakinen kudeaketa arduratsuaren inguruan informatzea, heztea eta sentsibilizatzea; hondakinen murrizketa eta berrerabilpena bultzatzea; prebentzio politikak garatzea; ekoizpen sektoreetan eta etxeetan birziklapena bultzatzea; eta, hondakinak biltzeko eta garraiatzeko azpiegiturak eta sistemak egokitzea. Horiek izango dira lantaldearen helburuak.
Lantalde honen zeregina Hiri Zerbitzuetako eta Ingurumeneko departamentuek hondakinen kudeaketaren arloan egiten dituzten ekintza guztiak sistematikoki koordinatzea eta integratzea izango da.
“Bi departamentuek hondakinak prebenitzeko eta birziklatzeko helburu komuna dutenez, badira urte batzuk hondakin organikoen bilketa selektiboaren arloan elkarlanean ari direla, eta orain beste pauso bat eman behar dute, hondakinen kudeaketan zeharkakotasuna eta gardentasuna bermatzeko, eta kudeaketa arduratsua lortzeko”, azaldu du Nora Galparsoro Hiri Zerbitzuetako zinegotzi ordezkariak.
Horrez gain, udalak herritarrak informatzeko eta sentsibilizatzeko kanpainak modu integralean eta koordinatuan egiteko eta zerbitzua bateratzeko ere beharrezkotzat jotzen da lantalde hori sortzea.
Lantaldeko arduraduna Carlos Sanchez izango da, Hiri Zerbitzuetako burua. Gainerako kideak, berriz, Nora Galparsoro eta Axier Jaka zinegotzi ordezkariak, Iñaki Irurtia, Ingurumeneko zuzendaria, Aitor Basurto, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zuzendariordea, eta, Ana Juaristi, Ingurumen Kalitateko eta Iraunkortasuneko zerbitzuburua.
Hondakinen kudeaketarekin lotutako ekimen eta lan guztiak Hondakinen Lantalde honen eskuetatik pasatuko dira eta, hondakinen udal politika orokorrak bezala,
Joko garbia lema izango du ardatz. “Hondakinen kudeaketa arduratsua erdiesteko, beharrezkoa da denon erantzukizuna dela onartzea, informazio objektiboan oinarritzea eta gardentasunez jokatzea. Ideia hori bere egingo dute bai Hondakinen Lantaldeak, bai Udal Gobernuak, eta horri lotuta dagozkien konpromisoak hartuko dituzte”, adierazi du Axier Jakak.