Iñaki Badiolaren adierazpenek zalaparta eragin dute. (Argazkia: Estitxu Zabala).
Eufemiano Fuentes sendagile eta dopinari lotutako Puerto operazioan auzipetuak zituen agirien artean ageri da
Rsoc hitza, eta horren harira hitz egin du Realeko presidente ohi Iñaki Badiolak.
As egunkarian elkarrizketatu dute, eta bertan esan du Eufemiano Fuentesek berak argitu beharko lukeela hitz horrek Realari egiten ote dion erreferentzia.
Edonola ere, ohartarazi du 2001 eta 2007 artean Realak diru beltza erabilita dopin produktuak erosi zituela: “Administrazio Kontseiluak Eduardo Escobar eta Antxon Gorrotxategi sendagileak salatu zituen, aurreko kontseiluek dirua ematen zietelako momentu horretan dopin gisa jotzen ziren produktuak erosteko”. Badiolak uste du Fuentes izan zitekeela Escobarri eta Gorrotxategiri produktu horiek saltzen zizkiena.
Garai hartan, Jose Luis Astiazaran zen Realeko presidente. Salaketa gezurtatu du, eta Badiola auzitegietara eramatea edo ez aztertuko duela nabarmendu du. Hain zuzen ere, Espainiako Futbol Liga Profesionaleko egungo presidente Astiazaranek ohar bat kaleratu du bere iritzia plazaratuz. “Guztiz gezurra da eta lekuz kanpo daude adierazpen horiek”, esan du. “Presidente gisa izan nintzen agintaldietan, inoiz ez nuen jakin zerbitzu medikuek legez kanpo jarduten zutenik, ez nuen susmorik ere izan; hauek beti profesionaltasunarekin eta etikaren barruan lan egin zuten. Kontrakoa izan balitz, horren aurka erantzungo nukeen, sendo eta behar bezala”, erantsi du.
Irutxuloko Hitza Badiolarekin jarri da harremanetan; donostiarrak, ordea, ez du adierazpen gehiago egin nahi izan. “Ez dugu adierazpen gehiago egingo dena argitu arte”, adierazi du.