Lanbideko ilarak. (Argazkia: Nagore Koch)
2013ko aurrekontua 10.176.672 eurokoa da, eta Ekonomia Suspertzeko Planari arreta berezia jarri diote.
Donostiako Sustapenak aurtengo aurrekontua aurkeztu du. Iazkoarekin alderatuta, %11 handitu dute. Guztira, 10.176.672 euroko aurrekontua aurkeztu dute. Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruizek azaldu duenez, aurten arreta berezia jarri dute Ekonomia Suspertzeko Planean, orotara, aurrekontua %22 handituz.
Donostiako Sustapeneko zuzendari Euken Sesek nabarmendu du, aurten batik bat hiru izango direla Sustapenaren indarguneak. Batetik, ikerkuntza sektorea, bestetik, sektore tradizionala (merkataritza, ostalaritza…) eta azkenik, bertako ekonomia sustatzea.
Lehenengo helburua langabeziarekin amaitzea dela azpimarratu dute, izan ere, %12,2ko tasari aurre egitea.
Horretarako, hainbat inbertsio egingo dituzte. Batetik, ekintzaileen aldeko eta I+G arloa ere bultzatu nahi dutela azaldu du Ruizek. Horretarako, ekintzaileen arloan %13 gehiago inbertituko dute. Iaz, guztira, 245 enpresa berri sortu zituzten laguntzei esker. Bestalde, I+Gn, nazioarteko aurrerapausuak ematea eta Talentu Berritzailea bezalako programak indartzea izango da helburua.
Azkenik, ETEei dagokienez, Donostiako Sustapenak 454.760 euro zuzenduko ditu enpresa txiki eta ertainak hobetzeko. Gainera, hiriko ekonomiaren %13 den merkataritza arloan 421.913 euro inbertituko ditu.
Adostasuna espero dute
Aurrekontua oraindik aurreproiektua da, izan ere, otsaialren 21 arte gainontzeko alderdien emendakinak jaso ditzakete. Hala ere, Ruizek ez du arazorik ikusten; “uste dugu nahiko aurrekontu garrantzitsua dela, eta horregatik prest gaude talde guztiekin negoziatzeko”, esan du.
Iaz talde guztiek aho batez onartu zuten aurrekontua, eta aurten ere hala izatea espero dute, hala ere negoziaketarako atea berriro zabaldu du; “abanikoa irekita dago, noski, negoziaketarako”, esan du.