Ekaitz Ibero, urtarrilak 19ko manifestazioan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Ez duela ihes egingo esan du Ekaitz Iberok; Euskal Herrian geratuko dela.
Donostiako 15 gazte auzipetuek ohar baten bidez jakinarazi dute, beranduenez bihar kartzelan aurkeztu behar duen Ekaitz Ibero gaztea ez dela bertan aurkeztuko; “ez dut kartzelako atea joko”, izan dira bere hitzak.
Izan ere, kale borroka eraso bat egotzita, lau urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten. Iberok esan du, ez duela ihes egingo, Euskal Herrian geratuko dela, “baina Espainiar Auzitegi batek agindutakoari muzin eginez”.
Elkarretaratzea, 13an
Gainera, gogorarazi dute, otsailaren 13an, Auzitegi Gorenak, 15 gazte donostiarri, Ekaitz Ibero barne, Auzitegi Nazionalak Segiko kide izatearen akusazioan ezarritako sei urteko kartzela zigorra berrikusi behar duela. Hortaz, 13tik aurrera, Auzitegi Gorenak zigorra berretsiko balu, edozein unetan espetxeratuak izateko arriskuan egongo dira hamabostak.
Hortaz, elkarretaratzea deitu dute Artzain Onaren plazan, 19:00etan
Euskal Herria libre eta legala, torturarik ez! lelopean. Bestalde, gazteek harreman bira bat abian jarriko dute eragile sozial, sindikal zein politikoekin haien auzia azaldu eta eskubide zibil eta politikoen defentsan babesa bilatzeko asmoz.