Jon Anza minbiziak jota hil zela dio Frantziako Fiskaltzak
Frantziako Fiskaltzak Jon Anza ETAko kidearen heriotzari buruzko auzia artxibatzeko eskatu du, argudiatuta minbiziak jota zendu zela. Toulouseko fiskalak ebatzi du minbiziak enbolia bat eragin ziola biriketan.
Vocento taldeko egunkariek eman dute fiskalaren ondorioen berri. Ikerketaren arabera, Anza 2009ko apirilaren 18an joan zen trenez Baionatik Tolosara (Okzitania), eta, bertan hartu zuen ostatu gau hartan. Baztertu egin dute Anza bidean bahitu zutenik. Edonola ere, ikerketek ez dute balio izan argitzeko non zen Anza apirilaren 19tik 29ra bitartean; egun horretan, konortea galduta topatu zuten kalean.
Iazko urriaren 17an jakinarazi zuen Myriam Viargues instrukzio epaileak Frantziako Zigor Kodearen 175. artikulua aplikatuko duela eta, beraz, amaitutzat emango duela Jon Anza desagertutako ETAko kidearen heriotzaren gaineko ikerketa.
Jon Anza 2009an desagertu zen, eta 2010eko martxoan jakin zen ofizialki hilda zela eta gorpua Tolosako Purpan erietxean zegoela.


