Lee Konitz, Buika, China Moses eta Vijay Iyer aurtengo Jazzaldian izango dira
Donostian, uztailaren 24tik 28ra egingo den 48. Heineken Jazzaldiaren programa aberastu egin da garrantzi handiko lau artista bertan egongo direla konfirmatu baita. Saxo altu ezagunenetakoa eta jazzaren historian erreferentzia ukaezina den Lee Konitz uztailaren 26an ikusi ahalko da hirian. Jazzaren eta koplaren mugak gainditzen dituen Buika abeslariak 27an eskainiko du bere emanaldia. Egun berean, China Moses izango da, jazzaren zale askorentzat gogokoen bihurtu den ahots berrietako bat. Vijay Iyer piano-jotzailearen emanaldia uztailaren 25ean izango da. Haren aparteko sentsibilitateak, teknika hobezinak eta errepertorio zabalak gozamen huts bilakatzen ditu bere kontzertuak.

