Reala jopuntuan jarri dute berriro, orain hirugarren talde bati dirua ordaintzea egotzita
Realak Zaragozaren kontra jokatuko du igandean, 17:00etan, La Romareda futbol zelaian. Bada, talde txuri-urdinaren eta Zaragozaren akordio baten berri eman du ‘El Mundo’ egunkariak; 2005-2006 denboraldian, donostiarrek dirua eman omen zieten espainiarrei partida bat irabaz zezaten, Reala Bigarren Mailara ez jaisteko helburuarekin. Alavesen aurka irabazteko grina izan zezan, 100.000 euro ordaindu omen zioten Zaragozari. Partida hura Ligako azkenaurreko jardunaldian jokatu zuten, eta 3-0 irabazi zuen Zaragozak. Alaves azkenean Bigarren Mailara jaitsi zen, eta Realak Lehen Mailan mantentzea lortu zuen, puntu bakar batengatik. Miguel Fuentes zen orduko presidentea Realean.
Dopin kontuekin hasi zen astea Realarentzat, eta orain legez kanpoko diru laguntzen salaketa egin dute talde txuri-urdinaren aurka; ustez hirugarren talde bati dirua emateagatik, hain justu. Iñaki Badiolak aipatutako B diru kontuaren barruan egongo litzateke Zaragozari emandako 100.000 euroak, beti ere ‘El Mundo’ egunkariko Jon Rivas kazetariaren arabera.


