Udalak Gardentasunaren Indizea nabarmen hobetu duela dio nazioarte mailako ikerketa batek
Donostiako Udalak 100 puntutik 90 jaso ditu gardentasuna neurtzeko Transparency International gobernuz kanpoko erakundeak egiten duen ikerketan. Erakunde honek 2012ko ITA Udalen Gardentasun Indizeak jakinarazi berri ditu, eta jasotako emaitzak agerian uzten dute alor honetan emandako aurrerapausoak. Udala 48,8 puntu izatetik 90 izatera pasa da, hortaz, 41,2 puntutan hobetu da gardentasun indizea.
Estatuko 110 udal handienen gardentasun maila neurtzen du indize honek, 80 adierazleren bidez, eta, ildo horretan, 92 postuan izatetik 32 izatera pasa da Donostiako Udala, hiri gardenen zerrendan 60 postutan aurrera eginez.
Erakunde independente honek 100 puntutik 90 eman dizkio udal erakundeari, eta aztertutako sei arloetatik hirutan puntuazio gorena lortu du, hain zuzen ere, herritarrekiko eta gizartearekiko harremanetan, gardentasun ekonomiko-finantzarioan eta zerbitzuen kontratazioaren gardentasunean. Gainontzeko beste arloetan hobekuntza nabarmenak egin dira.
Informazioko zinegotzi Axier Jakak adierazi du datu hauek agerian jartzen dutela udal gobernua egiten ari den apustua politika modu erabat gardenean egiteko, eta kudeaketa eraginkor, irekia eta parte hartzailea egiteko: “Ustelkeriaren aurrean berme handiena da gardentasuna, eta ezinbestekoa gobernuen sinesgarritasuna lortzeko, partaidetza da beste zutabeetako bat eta horretan ere eredugarriak gara, hortaz, zenbat eta partehartzaileagoa izan eta zenbat eta gardenagoa izan orduan eta zilegitasun handiagoa izango du ekintza publikoak”. Zinegotziak nabarmendu du gardentasunak udal kudeaketaren inguruko datuak herritarren eskura egotea suposatzen duela.
Udal taldeak gardentasunaren bidean beste urrats bat egin zuen iaz udaleko web atarian jasota dagoen informazioa zabalduz. Atari honek gero eta eduki gehiago ditu udal kudeaketaren inguruan, eta horien artean nabarmendu daiteke udalbatzari buruzko informazioa, herritarrei informazioa eta arreta emateko zerbitzuen ingurukoa, kontabilitate eta aurrekontu informazioa, udaleko diru sarrera eta diru irteerak barne, zerbitzuak kontratatzeko prozeduren ingurukoa, hiri antolamendurako planak eta hirigintza planak, iragarki eta lizitazioak barne, eta udalaren plangintza eta antolakuntza, Gardentasun Lege berriaren adierazleak betez.
Transparency International, ikerketa hau egin duen erakundea, mundu mailan ustelkeriaren kontra lan egiten duen gobernuz kanpoko erakunde bakarra da. Erakunde honek dio ustekeriari aurre egiteko tresna eraginkorrena informazioaren eskuragarritasuna dela, eta Internet dela hori lortzeko ezinbesteko euskarria.


