Kutxaren egoitzaren aurrean elkartu dira, kaleratzeak salatzeko
Stop Kaleratzeak elkarteak elkarretaratzea egin du Garibai kaleko Kutxaren egoitzaren aurrean. Kaleratzeak salatu dituzte, baita Lorena errenteriarraren kasua. Hain zuzen ere, Lorenak berak Kutxabanken jarrera gogor salatu du protestan bertan, oraindik epaileak hark jarritako errekurtsoaren inguruan erantzun ez duen arren, asteazkenean etxea uzteko agindua jaso baitzuen. “Etxearekin geratu nahi dute, bai ala bai”, salatu du.
Bere kasuan, babes ofizialeko etxebizitza batetik kaleratu nahi dute. Ekainean geratu zen langabezi soldatarik gabe, eta azaroan jada kaleratu nahi zuten. Asteazkenekoa jasotzen duen hirugarren agindua da. “Babes ofizialeko etxebizitza bat da. Kutxabankek ondare publiko batekin geratu nahi du, gero zertan erabiliko duen jakin gabe”, kritikatu du Stop Kaleratzeak elkarteko Mikel Sanchezek.
“Finantza-genozidioa” salatzeko, otsailaren 16an Donostian manifestazioa egingo dutela jakinarazi dute. Bulebarretik irtengo da, 12:00etan. Bestalde, atzo Kordoban izandako hildakoa gogoan izan dute. Francisco Lemak bere buruaz beste egin zuen, kaleratze berri batengatik. Haren senideei elkartasuna adierazi diete elkarretaratzean, eta Banketxeak hiltzaileak leloa oihukatu dute.


