Lantzeko inauteria Antiguara ekarri dute haurrek
Antiguotarrak dantza taldearen eskutik, haurrak Antiguan barrena ibili dira mozorrotuta, Lantzeko inauteria oinarri hartuta. Alfontso XIII.aren plazatik abiatu dira, Matia kalean barrena. Guraso asko bildu dira bide bazterrean, euren seme-alabeei argazkiak ateratzeko asmoz.
Tradizio handiko inauteria da Lantzekoa. Ongiaren eta gaizkiaren indarrek elkarren kontra egiten dute hainbat egunez. Antiguan, ordea, umore ona izan da nagusi… eta dantza.
Lantzeko pertsonaiek hartu dute parte: Miel Otxin lapur mitikoa, tartean. Hiru metroko panpina besoak gurutzatuta ibili da Antiguan, behin atxilotua, epaitua izateko. Ziripot ere izan da bertan, gizon barregarri eta lodikotea. Horren atzetik, Zaldikoa izan da. Eta horiekin guztiekin batera, haurrak festaz gozatzen.





