Uholdeak saihestea eta babes ofizialeko alokairua sustatzea lehentasun direla jakinarazi du Burutaranek
Urumean uholdeen kontrako lanak egitea eta babes ofizialeko alokairuko etxeak sustatzea dira Etxebizitza eta Hirigintza Departamentuak aurtengo aurrekontu proiektuan jaso dituen lehentasunak. Udal Gobernuaren asmoa da 2013rako 18,9 milioi euroko aurrekontua bideratzea departamentu horretara, iaz baino % 30 gehiago, kapital diru-sarreren aurreikuspenak ere handitu egin direlako, besteak beste. Etxebizitza eta Hirigintzako zinegotzi ordezkari Ricardo Burutaranek eman ditu datu guztiak.
Etxebizitza eta Hirigintza Departamentuak funtzio soziala lehenesten duela nabarmendu du zinegotzi ordezkariak. “Lau helburu nagusi dauzkagu: alokairuko etxebizitza publiko babestuak sustatzea, herritarrek etxebizitza duin eta egokiak eduki ahal izatea bermatzeko; etxebizitzak errehabilitatzen laguntzea, etxebizitza horiei balioa emateko edo haien balioa handitzeko; Alokabide programa kudeatzea, etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko; eta Urumeako uholde arazoei aurre egiteko neurriak hartzea”, adierazi du Ricardo Burutaranek, “gainera, adinekoen eta gazteen beharrak ere kontuan hartu ditugu”.
Alokairuzko etxebizitza babestuei dagokienez, 2013-2016 bitartean, 85,3 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten du bere Departamentuak. Kopuru horretatik 56,2 milioi maileguen bidez finantzatuko litzateke, eta 29 milioi Eusko Jaurlaritzaren laguntzen bidez. Aurtengo aurrekontuan 6,8 milioi bideratuko dira arlo horretara, jarduera hauetarako: Morlanseko 70 etxebizitzen promozioa bukatu (apirilean zozketatuko dira), Txomin Enean 424 etxebizitza eraikitzeko lehenengo fasea abian jarri, eta Aldunaene, Julimasene eta Loiolako Erriberan egingo diren etxeetarako partzelak egokitu. Bestalde, adinekoei begira, 1.450.000 milioi euroko partida bat jaso da, Intxaurrondon 55 apartamentu eraikitzen hasteko (2016an alokairuan utzi ahal izatea aurreikusten da), eta Pagolan, gazteentzako beste 50 apartamentu egiteko asmoa dago. Azken kasu horretan, Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzen ari da, partzela bat laga diezaion.
Beste alde batetik, Eskuzaitzeta urbanizatzeko 690.000 euroko partida bat jaso da, etorkizuneko garapen industrialetarako.
Etxebizitzen eta eraikinen errehabilitazioaren arloan, Etxebizitza eta Hirigintza Departamentuaren helburua da etxebizitzei balioa ematen edo balioa handitzen laguntzea, kasu batzuetan herritarren bizi-baldintzak hobetzeko, eta beste batzuetan, hutsik dauden etxebizitzak Alokabideren bidez alokairuan jar daitezen bultzatzeko, alokairuzko etxebizitzak prezio baxuetan eskuratzeko behar sozialari erantzuteko. Partida 1.123.000 eurokoa izango da. Aurten, hiriko toki guztietara bideratu nahi ditu laguntza hauek, eta horretarako, ordenantza aldatzen ari da.
Horrez gain, azpiegituren arloan, 800.000 euroko partida jaso du, Papineko errepidea egiteko beharrezkoa den lurzorua eta obra gauzatzeko.
Ricardo Burutaranek nabarmendu duenez, aurrekontu proiektu honetan, partaidetza eta genero alorra ere barne hartu ditu bere departamentuak. Lehenengoari dagokionez, partaidetza prozesuan herritarrek eskatutako proiektu batzuk gauzatzeko partidak aurreikusi ditu. Uholdeen kontrako planera, esaterako, 2.810.000 euro bideratuko ditu. Partida horren bitartez, Txomin Enean, lehenengo etxebizitzak botako ditu, Morlansera behin-behinekoz bizitzera eramango diren 26 familien alokairua ordainduko du, eta alokairuzko babes ofizialeko 424 etxebizitza eraikitzeko urbanizazio eta laguntza teknikoko lanak hasiko ditu. Etxebizitza horiek egiteko, finantzazio pribatua bilatuko du. Martutenen eta Egian, lurzorua eta ondasunak eskuratuko ditu, URA agentziaren esku utzi eta agentzia horrek Urumea ibaia berbideratu dezan, baita hango zubiak ordezkatzeko proiektuak egiteko ere.
Era berean, herritarrek egindako eskarien multzoari dagokionez, Añorga bulebarizatzeko lehen faserako 1.560.000 euro bideratuko ditu; eta Lore Tokiko lursaila erosteko 1.500.000 eurokoko partida partzial bat jaso du.
Berdintasunari dagokionez, zenbait hirigintza proiektutan genero ikuspuntua kontuan hartu da diseinua egiterakoan, adibidez Sarrueta eta Lorategi Hirian, segurtasun arloko puntu kritikoak sortzea saihesteko, eta gune horiek pertsona guztientzat egokiak izateko. Eusko Jaurlaritzak saritu egin ditu jarduera horiek, eta ondorioz, diru-laguntza ere lortu dute.
Departamentuak 2013rako aurreikusten dituen diru-sarrerak 46,3 milioi eurokoak dira eta horietatik ia 20,5 milioi partzelen salmentari dagozkie (iaz baino % 33 gehiago). Duela gutxi iragarri zuen bezala, Loiolako Erriberan partzela bat saldu du eta horren bitartez 7 milioi euro lortu ditu. Aurrekontu proiektuan jasota dauden beste diru-sarrera posible batzuen artean, Illunberen salmentatik etor daitezkeen 19 milioi euro agertzen dira, bi urtetan banatuta. Horrez gain, Atotxa Erreka, eta Iyolako partzela batzuen salmenta ere aurreikusi du.


