XIX. mendeko merkatua umorez zabaldu dute
Ordu bata aldera iskanbila eta zalaparta ugari sortu da Bretxan. Ordurakoa XIX. mendeko azokako postuak zabalik ziren, eta jende andana zebilen ikusmiran, baina orduantxe inauguratu dute aintzinako merkatua.
Lehenik, Juan Karlos Izagirre alkateak hitz batzuk esan ditu, jendea urteetan atzera egin eta XIX. mendeko garai haietan bezala janztera animatu du. Ondoan izan du Momo Jainkosa ere, baina benetan zalaparta sortzen zutenak Napoleon eta bere tropa frantsesak izan dira.
Umorez betetako ekitaldia izan da, eta herritar ugari bildu da oihuek erakarrita. Napoleon bera izan da pregoia gazteleraz irakurri duena, eta euskaraz, berriz, baserritar donostiar baten gisan jantziriko emakume batek irakurri du.
Ondoren guztiak batera, aintzinako merkatuan barneratu dira, txarangaren atzetik dantzan eta kantuan, inauterietan nagusitu ohi den umoreari eutsiz.


