
Bera Bera Eskubaloia taldeak sekulakoa egin du. Europako Kopan aurrera jarraituko du, final-zortzirenetako itzulerako partidan, Gasca kiroldegian igande eguerdian jokatutako lehian, hamabi goleko errentari buelta eman eta gero (29-17). Reyes Karrerek zuzendutako jokalariek, modu honetan, Vistal Laczpol talde indartsua kanporatu dute, eta final-laurdenetarako txartela eskuratu dute. Polonian 32-20 galdu zuten donostiarrek. Miraria hamabi goleko errenta berdindu ostean iritsi da, eta etxetik kanpo gol gehiago lortu zituztenez sailkatu dira. Atsedenaldirako zazpi goleko aldea zuen Bera Berak dagoeneko. Azken segundora arte ez da kanporaketa erabaki. Poloniarrek azken baloia izan dute gola lortzeko eta aurrera egiteko, Pinedok penalti bat huts egin ondoren, baina ez dute asmatu.
Aipatutako Eli Pinedok, hala ere, sekulako partida egin du, bere taldekideek bezala. Reyes Karrere entrenatzailea pozik zoratzen zegoen garaipenarekin. “Argi zegoen oso zaila zela guretzako kanporaketa gainditzea. Horregatik, planteamendua piskanaka piskanaka joatea zen. Defentsa bakarra, gero eraso bakarra, eta horrela partida osoan”, esan du. Poloniarrek ez zutela halakorik espero nabarmendu du. “Ezustea hartu dute. Jan egin ditugu”, erantsi du.