Euriak ez du haurren festa zapuztu
Haur Desfileari egokitu zaio txanda igande goizean. Larunbateko karrozen desfilea bertan behera geratu zen ekaitzaren ondorioz; bada, euri tanta batzuk erori diren arren, eguraldi kaskarrak ez du haurren festa zapuztu.
Bulebarretik bederatzi konpartsa atera dira: Trumoiak, Karmelo Txiki, Ilae, Denok Taldea, Txasiss, Mystic, Intxaur Txiki, Fama eta Aitor Ikastola. Erdialdetik igaro ondoren, Parte Zaharrean sartu dira, Konstituzio plazan eman baitiote bukaera desfileari. Bide bazterrak gurasoz beteta egon dira, haien seme-alabei argazkiak ateratzeko asmoz hurbildu baitira. Lehen lerroan egoteko lehiatu dira hauek.




