Irudian, Jon Albizu Gizarte Ongizateko zinegotzia eta Ander Rodriguez Gizarte Politika diputatua.
Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak gizarte larrialdietarako eskumenak berrantolatzeko akordioaren barruan adostu dute egitasmo berria.
Gipuzkoako gizarte zerbitzuak sendotzeko asmoz, udalak eta aldundiak erakunde arteko konpromiso bat aurkeztu dute. Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek eta Gizarte Ongizateko zinegotzi Jon Albizuk eman dute akordioaren albistea. Gizarte larrialdietarako, gizartean baztertuta dauden pertsonentzako eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako egungo baliabideak sendotzeko “aurrerapauso garrantzizkoa” dela adierazi dute.
Zerbitzu horien babesa areagotzeaz gain, bi erakundek hitzeman dutenez, horiek kudeatzearen gaineko eskumenak berrantolatuko dituzte, bikoizketarik ez izateko.
Jon Albizuk argitu duenez, Donostiako Udalak herritarrei eskaintzen dien lehen mailako arreta sendotuko du, gizartetik baztertuta dauden pertsonentzako egungo zerbitzuak handituta. Akordio honen barruan aurkeztu dute hurrengo urtean abian jarriko duten egitasmo berri bat: Kale gorrian daudenentzat eguneko zentro bat irekiko dute. Orain arte Neguko Aterpea izan dena urte osoan egongo da zabalik eta, eta Albizuk iragarri duenez, 2014rako udalak zerbitzua hedatzeko asmoa du. Baztertuta dauden pertsonei egunez eta kalez kale ere arreta emateko eta jantoki zerbitzu berria eskaintzeko ere. Izan ere, kaleko hezitzaileen zerbitzua indartzea dute helburu. Aldundiak emandako datuen arabera 68 pertsona dira Donostian kale gorrian bizi direnak.
Aldundiak bere gain hartuko du tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako Donostiako berehalako harrera etxea; Aldundiaren beraren etxearekin batera, probintzia osoan indarkeria matxistaren biktima diren emakumeez arduratzeko zerbitzu integral bat sortzea dela helburu. Etxea kudeatzearen ardura Aldundiaren esku geratuko da —zabalik jarraituko du, langileak subrogatuta— aurtengo urriaren 1ean.