Munto baserria botako dute bihar
Irutxuloko Hitzak joan den astean iragarri bezala, Munto baserria eraisteko atarian da. Makinak gaur goizean iritsi dira, eta baserria hesiz inguratzen ari dira. Bertan lanean ari den langile batek IRUTXULOKO HITZAri adierazi dio bihar botako dutela baserria. Munto baserriaren azken orduak dira.
Udaleko prentsa bulegoak baieztatu diote Irutxuloko Hitzari bihar botako dutela baserria, eta gaur bertan prentsa ohar bat plazaratu dute gai honen inguruan. Munto baserriko jabeek bihar eraitsiko dutela eraikina konfirmatu dute, aurreko udal gobernuak emandako baimenari esker: “Egungo udal taldea egoera ekiditen saiatu den arren, bai 2012ko aurrekontu proiektuan baserria konpontzeko diru sail bat jarriz -oposizioko taldeek ez zuten proiektua sostengatu-, hala nola inbertsio planean jasotzeko ahalegina eginez, baina hori ere ez zen lortu. Munto baserria, beraz, bihar botako dute, kontserbatzeko ekimenek ez baitute oposizioko alderdien babesik izan”.
Fatxada nagusiaren parte bat kontserbatuko da, Udal Gobernuak bizilagunen aurrean lur hauetan baserriaren oroitzapen bat kontserbatzeko konpromisoa hartu ondoren. Hirigintza zinegotzi, Ricardo Burutaranek egoera honetara heldu izana deitoratu du. Esan duenez, guzti hau “aurreko Gobernuaren utzikeriaren ondorio da, Munto egungo egoeran izatea ahalbidetu zuelako, baita oposizioaren jarreraren ondorio ere, eraikina biziberritzeko pausorik eman nahi izan ez duelako”.
Ricardo Burutaran hirigintza zinegotziak joan den astean adierazi zuen Munto baserria zutik mantentzeko azken saiakera egiten ari zirela, baina egoera zaila zela.



