Parte Zaharrean Bizi elkartea ez du gogobete udal gobernuaren terrazei buruzko araudiaren proposamenak
Parte Zaharrean Bizi elkarteak adierazi du udal gobernuak terrazen araudiari buruzko proposamena aurkeztu diela, eta ez duela gogobete: “Espazio publikoaren erabilera nagusituko zela espero genuen, baina lehen bezala, terrazen interes pribatua nagusitu da”.
Desadostasuna azaldu dute araudiaren hainbat puntutan. Udal gobernuak zarataren inguruko araudia ez duela kontuan hartu esan du elkarteak: “Terrazak jartzeko baimena eman eta ordutegia ezarri aurretik, leku horretako zarataren mapa bat egiteko eskatu genuen. Badakigu terraza asko elkartu diren guneetan baimendutako zarata gainditu egiten dela. Administrazioak akustikoki saturatuta dauden gune horiek zeintzuk diren zehaztu behar du.
Udal gobernuak proposatutako ordutegien aurka agertu da elkartea: “Lau hilabetez terrazak goizeko ordubiak arte (ostiral, larunbat eta jaiegun bezperatan) eta ordubata arte (igandetik ostegunera) jarri ahal izatea bizilagunen atsedenaren aurka egitea da”.
Parte Zaharreko zenbait plaza eta gune beste modu batean arautu behar direla uste du elkarteak. Udal gobernuak Konstituzio plazarako proposamen berezi bat egin duen bezala, beste espazio batzuek ere arau berezi batzuk behar dituztela uste du.
Proposamenak, gainera, terrazetako mahai eta aulkiak kalean gorde ahal izatea baimentzen duela kritikatu du elkarteak.
Ostalariek jarritako terrazek urtez urte Parte Zaharreko kale eta plazei espazioa “lapurtu” egin diela, eta udalak espazio publikoaren “okupazio pribatua” egiten utzi diela salatu du berriz ere elkarteak. Terrazen inguruko eztabaida guztien gainetik, espazio publikoaren kalitatea nagusitzea, eta bizilagunek atseden hartzeko duten eskubidea defendatu nahi dutela adierazi du.