Zerbitzuen eta azpiegituren kalitateari eutsi nahi dio udal gobernuak
Zerbitzuen kalitateari eta azpiegiturei eustearen aldeko apustua egin du Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako Departamentuak 2013ko aurrekontu proiektuan, udal gobernuak nabarmendutakoaren arabera. Hala adierazi du Nora Galparsoro zinegotzi ordezkariak, gaur eman duen prentsaurrekoan. Horretarako, iazko aurrekontuaren pareko diru kopurua izango du, 76,7 milioi eurokoa hain zuzen (% 0,6ko jaitsi da).
Galparsorok adierazi duenez, oro har, partidak mantendu egin dira, eta kasu batzuetan igo ere bai. Gastuari dagokionez, adibidez, bide eta etxaurreen garbiketarako partidan igoera txiki bat egin da, 200.000 eurokoa; hala, 12,16koa izango da aurrekontua guztira. “Iaz egokitzapen handia egin genuen arlo honetan, zerbitzuaren balorazio positiboa egin dugu, eta aurten ere eutsi egingo diogu”, nabarmendu du Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi ordezkariak. Hondartzei dagokienez, urte honetarako aurreikusitako partida 2,15 milioi eurokoa da, guztira, iaz baino 200.000 euro handiagoa.
Gastu arloko igoera nabarmenena zaborrei dagokio. Hondakinak kudeatzeko partida osoa 16,9 milioi eurokoa da, eta horretatik 8 milioi isurketarako gastua izango da; San Markori ordaindu beharrekoa, alegia. Horrek esan nahi du ia 900.000 euroko igoera ekarriko duela, zaborren isurketa egunetik egunera garestiagoa delako. Egoera horri irtenbidea eman nahian, Udal Gobernua talde politiko guztiekin hitz egiten ari da, zaborrak murriztea lortzeko helburuarekin, eta 2016rako % 60ko birziklatze tasara iristea espero du.
Jaitsiera aipagarriena lorategi eta parkeen arlokoa da, 400.000 eurokoa, eta horietatik 300.000 kontratuen esleipen berrian izandako aurrezpenari dagozkie.
Inbertsioei dagokienez, atal honetarako partida 11,12 milioi eurokoa izango da. Ur eta saneamendu atalean, 1,65 milioiko igoera aurreikusi du Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako Departamentuak. Besteak beste, Herrerako saneamendua konponduko du (358.000 euro) eta Marrutxipi eta Iztuetan ekaitzetarako andelak eraikitzeko 3,8 milioiko inbertsioa egingo du (iaz 2,4koa izan zen), ibaiak eta ingurumena babesteko. Bigarren horretarako, Europar Batasunak ematen dituen kohesio funtsez baliatuko da (EBk proiektuaren % 80 finantzatzen du).
Beste helburuetako bat lurjausiek utzitako kalteak konpontzea izango da. Azkenaldiko euriteek hainbat ondorio eragin dituzte, eta horien balorazio ekonomikoa egin ondoren, etorkizunean berriz ez gertatzeko neurriak ere hartuko ditu Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuen Departamentuak.
Nabarmendu beharreko beste atal bat errepideko zuloak estaltzeko eta asfaltatzeko partidak dira. Dagoeneko adjudikatuta dagoen 200.000 euroko partida, iazkoa, berreskuratzeaz gain, aurten 1.500.000 euro gehiago inbertituko ditu Departamentuak. Horren barruan sartzen dira iaz asfaltatzeko aurreikusi ziren 800.000 euroak eta beste 500.000 euro aurten aurreikusi direnak. Gainera, zuloak estaltzeko, aurten, beste 200.000 euro aurreikusi ditu.
Argiteriari dagokionez, 160.000 euroko inbertsioa egingo da, energia eraginkortasuna handitzeko. Iaz, gastuan %3ko aurreztea lortu zuen Nora Galparsororen departamentuak, eraginkortasuna handitzeari esker, eta bide horretan jarraitu nahi du, instalazioak hobetuz.
Hauek dira jasotako beste inbertsio batzuk: Hiri Mantentzeko zuzendaritza, 1 milioi euro; bide garbiketa, 834.970 euro; Carlos I.goan dagoen autobideko tableroa kentzearekin lotutako urbanizazio proiektua; Loiolako bulebarizazioa, 50.000 euro; Easo eraikina egokitzea, 100.000 euro.
Aipatutakoez gain, herri-partaidetza prozesuan jasotako eskariak ere kontuan hartu dira aurrekontuan. Añorgan haur parkea egin eta Karmengo Ama biala irekiko da, eta Martutenen oinezkoen mugikortasuna hobetuko da. Eta ez hori bakarrik, hiri konponketetarako jasotako partidan, herritarrek egindako eskariei lehentasuna emango zaie. Zehazki, jarduera hauei: Uliako eskailerak hobetzeari, Julimaseneko argiteria hobetzeari, San Rokeko urbanizazioa hobetzeari, eta Intxaurrondoko Koruko Andra Mariko irisgarritasuna hobetzeari.