Nerea Txapartegi, gaurko agerraldian. (Argazkia: K. M.)
Berrikuntzen artean, langabetuek euskara doan ikas dezaten, 38.000 euroko laguntza berezia gehitu dute.
Euskarari zuzendutako aurrekontuak iazkoaren antzera mantendu dituztela azaldu du Euskara zinegotzi Nerea Txapartegik. Aurten 2.443.000 eurokoa izango da aurrekontua. Iaz, 2.476.000 euroko izan zen.
Aurtengo berrikuntzen artean, langabetuek euskara ikas dezaten egindako laguntzak azpimarratu dituzte. Zehazki, euskararen ikasketara 225.000 euro zuzenduko dituzte, erta horiez gain, 38.000 euro langabetuentzat. Aurreikusten dute zerbitzu hauek doakoak izatea.
Helburua, erabilera areagotzea
Txapartegik azaldu du euskararen erabilera areagotzea dela helburu nagusienetako bat, eta azpimarratu du hiriko hainbat elkarte eta eragilek horretarako egiten duten lana; “eragile hauek gure helburua betetzen laguntzen digute”, esan du. Horientzat 244.000 euroko laguntza aurreikusi du. Elkarte horien artean Irutxuloko Hitza, Bagera Elkartea eta Hamaika Telebista daude, besteak beste.
Horiez gain, hainbat arlo azpimarratu ditu Txapartegik. Lehenik eta behin, 1.021.000 euro zuzenduko dituzte langileei dagokionez. Azaldu du aurrekontu horretatik gehiena langileen soldatari dagokiona dela, baina 20.000 euro zuzenduko dituzte langileen euskalduntze eta trebakuntzara.
Bestalde, sentsibilizazio kanpainetara, auzoz-auzoko ekimenetara edota, merkataritza eta ostalaritzara ere laguntzak bideratuko dituztela azaldu du. Azkenik, itzulpengintzara 318.000 euroko laguntza bideratuko dutela azaldu du; “elebitasuna bermatzea ere dirutan neurtu daiteke”, esan du.