Igandean aterako dira kalera inauterietako konpartsak
Desfilea ohiko moduan egingo dute, Erdialdeko kaleetan; Bulebarretik abiatuko da 17:00etan.
Joan den asteburuan egitekoa zen inauterietako konpartsen desfilea bertan behera geratu zen eguraldi txarragatik. Konpartsek ezin izan zuten urte osoan zehar egindako lana erakutsi, eta mozorroak ez ezik, karrozak ere gorde behar izan zituzten. Donostia Kultura Festak erakundeak konpartsetako ordezkariekin hitz egin ondoren, igande honetan berriz ere desfilea egitea eraaki dute.
Desfilea ohiko moduan egingo dute, eta kale hauetatik pasako dira konpartsak: Bulebarra, Hernani, Askatasunaren hiribidea, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa plaza, Legazpi eta berriz ere Bulebarra. Hauek dira desfilatzeko bigarren aukera honetan parte hartuko dutela baieztatu duten konpartsak: Aitor Ikastola, Alaia, Alegria de Alza, Betiko Zuhaitz, Eureka, Fama, Furius, Gurea, Ilae, Intxaur Txiki, Kaos, Karmelo Txiki, Lagun Artea, Mi Nuevo Potosi, Mundo Nuevo, Mystic, Odissey, Santa Barbara, Show Time, Tantai Loiolako Konpartsa, Thamessis, Toxic, Trumoiak, Txasiss eta Zuhaitzak
Altzan egin ohi duten igandeko Piñata astebetez atzeratuko dute. Hurrengo igandean, otsailaren 24an ospatuko dute.