Olerki topaketak, Koldo Mitxelena Kulturunean
Sei poeta elkartuko dira Hitzak hegan, olerki topaketetan, Koldo Mitxelena kulturunean eta Irungo Kabigorri Ateneoan ospatuko diren saioetan, gaurtik igandera bitartean.
Gaur, asteartea, Asier Serranok Hoteleko kantu eta kontuak ikuskizuna eskainiko du Koldo Mitxelena Kulturunean, 19:30ean.
Emanaldi honetan ikusentzuleak nostalgia, eta bakardadea ezagutuko ditu, baina baita bizitzeko nahia ere. Protagonistek hotel magiko eta imajinario baten geletako bezeroen sentimenduak azaleraziko dituzte. Asier Serranok jarriko du ahotsa eta gitarra, eta Antxon Sarasua arituko da pianoan.
Bihar, asteazkena, Mariluz Secillak olerkia eta irakurlearen artean dialogoa sortuko du bere salaketa feministaren ertzak gainditu asmoz. Ostegunean, berriz, Francisco Javier Irazoki surrealistaren txanda izango da.
Ostiralean, Castillo Suarezek ez ohiko festa batera gonbidatuko du ikuslea. Borja Estankonaren musika lagun duela, hitza eta musikaren artean ezkutatzen den mundu iradokitzaile bezain zorrotza agerian utziko du.
Larunbata eta igandeko saioak, berriz, Irunen izango dira. Larunbatean Jose Blanco poeta ariko da, eta igandean, Javier Sistiaga eta Esther Barandiaranek Luis Garcia Monteroren testuetan oinarritutako kontzertu poetiko intimoa eskainiko dute.