Udal gobernuak babesa helarazi die espetxeratzeko arriskuan dauden 15 gazte donostiarrei
Bat egingo du bihar ‘Torturarik ez! Euskal Gazteria libre eta legala’ lelopean egingo den elkarretaratzearekin.
Donostiako Udal Gobernuak bere babesa helarazi die espetxeratzeko arriskuan dauden 15 gazte donostiarrei, euren senide eta lagunei. Euren auzipetzeak “arrazoi politikoei” erantzuten diela uste du udal gobernuak, eta horregatik adierazi du donostiar gazteen eskubide zibil eta politikoak “urratuak” izan direla.
Era honetako auzipetzeek Donostiako alderdi eta eragileak ematen ari diren aurrerapausoak “oztopatu” egiten dituela esan du udal gobernuak. Bihar, 19:00etan, Artzain Onaren aurrean, eta Torturaren Aurkako Nazioarteko Eguna izanik Torturarik ez! Euskal Gazteria libre eta legala lelopean egingo den elkarretaratzearekin bat egingo duela plazaratu du. Axier Jaka zinegotzia joango da manifestaziora, udal gobernuaren ordezkari gisa.