Ikastaro praktiko eta laburrak prestatu dituzte Kontadoresen
Kontadores gazte zentroak martxoa eta apirilerako Express Ikastaro Monografikoak programatu dituzte. Denbora laburragoan “gehiago gozatzeko eta ikasteko” ikastaro gisa aurkeztu dituzte. Izan ere, proposamen hauek oso zehatzak dira, monografikoak, ikasterrazak, berritzaileak, iraupen laburrekoak, gazteen aisialdi ordutegietara egokituak, eta batez ere, dibertigarriak eta oso praktikoak.
Gehienak argazkigintzarekin lotuta daude: Time lapse eta Light painting teknikak ikasteko ikastaroak, erretratuak egiteko ikastaroa, eta baita Photoshop azkar eta arraz ikasteko ikastaroa. Ekoizpen musikalari buruzko ikastaroa, sortzaile izateko tresnen inguruan gehiago ikasteko ikastaroa eta smartphone edo tabletari etekina ateratzeko ikastaroa ere daude aukeran.
Ikastaro hauek 18 eta 35 urte bitarteko gazteei espresuki zuzenduak daude. Ostiralean hasiko da izena emateko epea, eta martxoaren 5ean itxiko dute. Kontadoresen webgunean, 943 48 34 76 eta 943 48 34 77 telefono zenbakietara deituta eta kontadores@donostia.org helbidera idatzita eskura daiteke ikastaroen inguruko informazio gehiago.

