SPRIk Donostia ez duela kontutan hartzen salatu du PPk
SPRIren webgunean, nazioarteak Euskadin inbertitu dezan dagoen sailean, ez da Donostia ez Gipuzkoa ageri mapan.
SPRI, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko taldearen webgunean, Donostia ez dela ageri salatu du PPk. Ramon Gomez zinegotziak egindako agerraldian azaldu du “berriro ere” Donostia alde batera utzi dutela; “Eusko Jaurlaritzak berriro ere Donostia eta Gipuzkoa mespretxatu ditu”, esan du.
Izan ere, webguneko datuetan, azpiegitura guztien zentrua Bilbo dela esan du; Donostia “literalki mapatik ezabatuz”. Esaterako, trenbideen kasuan, Parisetik Madrilera joateko bidean Bilbo ageri dela geltoki moduan azaldu du; “denok dakigu hori gezurra dela, Donostian duela geltokia”, esan du Gomezek.
Hori dela eta, hurrengo udalbatzarrean erakunde adierazpen bat aurkeztu du PPk, non batetik webguneko publikazio hori ezaba dezaten eskatzen den, eta bestetik, SPRIk eta Eusko Jaurlaritzak haien mapetan Donostia jarri dezaten eskatzen duen.


