Donostiako Udalak babestu nahi duen eremua, gorriz inguratuta. (Argazkia, Donostiako Udala)
Aiako Harriko parke naturalean dago mendia eta ia 181 hektareako basoa du.
Donostiako Udalak bihar egingo dio ofizialki Eusko Jaurlaritzari, Errekabeltz mendia erreserba eremu izendatzeko eskaria. Eremua, Aiako Harriko parke naturalaren barruan dago 1995tik, baina orain duen babes figura handitzea nahi dute, erreserba bilakatuz.
Ingurumen zinegotzi Axier Jakak azaldu duenez, udal gobernuaren helburuetako bat da udalerriko ondare naturala babestea, eta Errekabeltzek duen balio ekologikoa azpimarratu du; “Errekabeltz mendia, 118 hektareakoa, Baso Erreserba Eremua izendatzeko eskaera egingo diogu Eusko Jaularitzari, izan ere, balio ekologikoarengatik babes altuagoa behar duela uste dugu”, esan du.
Gipuzkoako harizti handiena
Egun, mendia, mendi publiko bezala izendatuta dago, baina haratago joan nahi du udalak. Horregatik, Errenteriako Udalarekin batera elkarlanean arituko dira. Izan ere, Errenteriako udalak, udalerrikoa den Añarbe basoa ere babestea eskatu du, eta Jakak azaldu duenez, Errekabeltz Añarbeko basoaren jarraipena da. Honek unitate ekologiko bera osatzen dute; hain zuzen ere Gipuzkoako harizti handiena.
Nora Galparsoro, Añarbeko Uren Mankomunitateko presidentea ere, urrats hori ematearen garrantziaz aritu da: “eskaera honekin bat egiten dudala adierazi nahi dut, begi onez ikusten baitut Errekabeltz Erreserba Eremu izendatzea. Añarbeko Erreserbak dakizuen bezala, urtegiaren azalera inguratzen du, eta urtegira doazen ibaien goi-ibarrak baso horietan daude. Donostiar guztien etxeetan daukagun uraren jatorria urtegia da, beraz, bertako uraren kalitateak gure osasunean ere eragin zuzena dauka”, esan du.